XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Munduaren ikuspegi berri bat da, logika berri bati dagokiona. Modernoa izatea, jadanik atzokoa ez den mundu berri batean bizitzea litzateke.

Aldaketa sakon hau eremu eta esparru ezberdinetan ematen da. Lau dira modernitateranzko igaroaldia erabaki duten iraultzak: iraultza zientifikoa, iraultza politikoa, iraultza kulturala eta iraultza tekniko edo industriala.

Lau iraultza horiek ezagutu ondoren, gizakia eta beronen mundua moderno bihurtzen dira. Laurak ibili eta zeharkatuz gero, beste itxura bat hartzen du munduak, logika berri batean pentsatzen du gizakiak. Lau iraultza horien umea da modernitatea.

Lau iraultza hauek elkarrekin lotuta daude, baina nahikoa era malguan. Gizabanako bakoitzari modu ezberdinean eragiten dio iraultza bakoitzak. Moderno izan daiteke alor batean eta tradizionala bestean, nahiz eta eremu biek elkarrekiko loturaren bat eduki.

Adibidez, modernoa izan daiteke politikan, baina produkzio molde tradizionalago bati atxikia egon. Decalage hori are handiagoa izan daiteke eremu biek elkarrekiko harreman esturik ez dutenean. Zientzilari bat, esate baterako, modernoa izan daiteke bere arloan, baina kulturalki tradizionala izaten jarraitu.

Munduaren ikusmolde berria izatera ez da bat-batean heltzen. Alde batetik, aldaketa iraultzaile guztiak ez dira batera gertatzen, eta bestetik, iraultza bakoitzak etapa eta abiadura ezberdinak izan ohi ditu. Modernitatearen prozesuak edo modernitate alor bakoitzak erritmo, maila eta tenpus ezberdinak ditu.

Industrializazioari dagokionez, esate baterako, euskal herrialdeen eboluzioa desberdina izan da. Bizkaian industri hazkundeak abiada bizia hartu zuen 1876tik aurrera, nekazaritza zonaldean izan ezik.

Gipuzkoan industrializazio prozesuak XX. mendearen erdialdera hartzen du indarra. Araban eta Nafarroan, berriz, 1960ko hamarkadatik aurrera.